Uda bezperako sargoriari aurre egiteko tailerra izango zela pentsatu genuen aspaldi, baina hodeiak nagusitu dira aurten gurean, eta beste baterako utzi beharko dugu freskatzearena. Ondo pasatzea, ordea, ohitura bihurtzen ari da Gurasolagunen, eta ikasturte amaierako azken hitzorduak ezin zuen huts egin. Kortxoz eta intxaur azalaz egindako itsasontziak egin genituen lehengo ostiralean, giro ezin hobean.
Abordatzeraaaa!!!
AEK euskaltegia aukeratu dugu azken tailer hau egiteko, eta bertako terraza handian egin ditugu elkar ezagutzeko jolasak. Izan ere, ekintza guztietara animatzen da familia berriren bat, eta oraingo honetan ere harrera beroa egin diegu Veronica, Ibai eta Anderri, aulkien jolasarekin. Ondoren, kortxoa lantzeari ekin diote gure txikiek, baina aitatxo edo amatxoren begiradapean, artaziak edo labana behar izan baitituzte gauza batzuetarako.
Kortxozko itsasontzi dotoreak egin eta gero, intxaurrak husten hasi ziren, txalupa txiki bat egiteko. Plastilina, intxaur azala, zotz bat, bela egiteko papera eta irudimen apur bat baino ez da behar itsaso zabalean nabigatzen hasteko. Tira, itsasoa asko esatea da, baina igerileku txiki batean ere ederto batean pasatzeko modua dagoela ikusi genuen. Putz eta putz aritu ziren gogotsu, eraiki berri zitzuten jostailuak abiadura bizian jarri nahian.
Ekaina heldu da eta oporrak hartzeko unea ekainarekin batera. Martxoan eman genion hasiera Galdakaoko lehendabiziko Gurasolagun taldeari, eta joan den ostiralean, barre, abesti eta zipriztinen artean esan genion elkarri gero arte; urritik aurrera tailer eta lagun gehiago egitea delako guztion asmoa. Ondo pasa udan eta izan zaitezte Pirata alferrak!
"Piraton bizitza hoberena da, lanik gabe, eskolarik gabe, ron botilarekin!"
No comments:
Post a Comment