2018-11-20

BASAURIKO BERBALAGUN AURKEZPEN JAIA

Ederki pasatu genuen ( betiko lez), aurreko ostiralean Bonboi tabernan ospatu genuen aurkezpen jaian. 50 lagun inguru elkartu ginen eta hasteko, Euskaraldiarekin bat egin genuen, goiko argazkian ikus daitekeen bezala.

Ondoren, jolasei ekin genien: lehenbizi, taldeak sortzeko jolas sinplea egin genuen. herrialde desberdinetako irudi esanguratsuak banatu genizkien, eta partaideek, logika bilatuz, euren taldea batu behar zuten. Horren ostean, tartetxoa eman genien elkar ezagutu eta hitz egiteko.

Pintxoak jateko atsedenaldia eta gero, asmakizunen jolasekin segitu genuen. Lehengo taldeak mantenduz, geuk asmakizuna irakurri, eta talde bakoitzak erantzuna mimikaz egin behar zuen; asmatuko zenuten bezala, izugarrizko barreak egin genituen Berbalagunen "okurrentziekin"!!

Eta bukatzeko, 3 Korrika kanta hutsunedun bete behar izan zituzten taldeka, eta gero abestia entzutean, hutsuneetan hitz egokiak nork jarri zituen ikusi genuen. Motibatuta zeudenez, karaoke labur batekin jarraitu genuen, pintxo eta zuritoek emandako indarra baliatuz. Azkenean, puntu gehien lortu zuen taldeak oparitxo batzuk jaso zituen, baita txalo zaparrada ere!
Eskerrak eman nahi dizkiogu hurbildu zen jendeari, eta bereziki Bonboi tabernako Liberi, "Txanpion Ligue"-ko pintxoak egiteaz gain, ederki tratatu baikintuen, sekulako giro polita sortuz!!




No comments:

Post a Comment