2012-12-04

BERBALAGUNON JAIA eta KANTUKA

Pasa den ostiralean hainbat berbalagun elkartu ginen Basaurin berbalagunak garela eta euskaraz ederto pasatu nahi dugula argi eta ozen esateko. Bertan eskualdeko berbalagunak elkartu ginen, Galdakao eta Basaurikoak.



Elkar ezagutzeko aukera polita izan zen, baita urte hauetan zehar egindako hainbat argazki ikustekoa ere. Bertan ibili ginen mokadutxua eskuan eta solaskideak alboan argazkiei adi-adi, ager litezkeen aurpegi ezagunak ikusteko zain.



Mokadutxoari bukaera emateko guztion artean topa egin eta kalera irten ginen, bertan ere bagarela ikus zedin, eta, noski, kantuka hitzordura orduan ailegatzeko asmoz.


Negua gainean dugu ,eta nahiz eta hotzak estutu, poz-pozik elkartu ginen betiko tokian eta betiko orduan kantutegia eskuan eztarriak berotzen hasteko asmoz. Oraingoan gure herriko bertsolari den Aratzek prestatuako bertsoarekin eman genion hasiera saioari.


Musikariek ederto girotu zuten gaua, eta oso gustura ibili ginen eurek irakatsitako kantekin. Eguraldiak lagundu ez zuen arren gauerdia arte ibili ginen kantuan. Ordu horietan zehar hainbat aldiz entsaiatu genuen  igandean kantatu beharko genuen "Basaurin be bagara" kanta eta egindako ahaleginek fruitua eman zuten. Eta bukatzeko Aratzek prestatutako bertso bera kantatu genuen berriro ere. 

Hemen daukazue hemendik aurrera hasteko eta bukatzeko kantatuko dugun bertsoa; beraz, oso ondo entsaiatu hurrengoan ederto gera dadin!!!

Basaurin Kantuka
Doinua: Habanera
Kantatu nahiko genuke
Prosan edota puntuka
Euskaldunon abestiak
Espain ertzean gomuta
Horregatik gatoz hona
Kaleak okupatuta
Euskaldun zahar eta berri
guztiak elkar hartuta
Ez geratu kale ertzetik
Begiratuz harrituta
Etorri zaitez gurekin
Lotsak erabat galduta
Euskaraz kantatuz ondo
Pasatzea nahi dugu-ta
Ongi etorri laguna,
Hau da “Basaurin Kantuka”


No comments:

Post a Comment