2019-11-21

AURKEZPEN JAIA BASAURIN


Ederki pasatu genuen ( betiko lez), aurreko ostiralean Bonboi tabernan ospatu genuen aurkezpen jaian. 40 lagun inguru elkartu ginen eta hasteko, familia argazkia egin genuen, goiko argazkian ikus daitekeen bezala.

Ondoren, jolasei ekin genien: lehenbizi, taldeak sortzeko jolas sinplea egin genuen: irudi ezberdinak banatu genizkien bekokian jartzeko, eta partaideek, logika bilatuz, euren taldea batu behar zuten. Horren ostean, tartetxoa eman genien elkar ezagutu eta hitz egiteko.

Pintxoak jateko atsedenaldia eta gero, asmakizunen jolasekin segitu genuen. Lehengo taldeak mantenduz, bakoitzak bere zutabean, orrietan jarrita, Basauriko lekuak zituzten, baina hizkiak desordenatuta. Taldeka, hizkiak ordenatu eta Basauriko zein toki zen asmatu behar izan zuten.
Jolasa amaitu ostean, beste geldialdi bat pintxoak jan (sekulakoak!!) eta elkar ezagutzeko edota zigarro bat erretzeko. Pintxo aukera zabala izan zuten gure Berbalagunek!

Ondoren, "1x2" jolasa egin genuen: 3 multzo zituzten, esaterako "Athletic/Erreala/Osasuna", eta guk datu batzuk eman eta gero, haiek zegokien multzoarekin lotu behar zuten.
Eta bukatzeko, musika denetarako lagungarri denez, abestien jolasa: taldeka beti ere, abesti baten letrako hutsuneak bete behar zituzten, guk emandako aukerekin. Ondoren, abestia entzun/dantzatu/abestu bitartean jarritako hitzak begiratu genituen, asmatu zuten ala ez ikusteko. Jaiari bukaera erritmotsu eta alaia eman genion horrela!!
Bukatzeko, irabazleak egon ziren, txapelketa guztietan bezala, eta Berbalagunen partez opari batzuk jaso zituzten! Begira zein dotore agertzen diren gure txapeldunak!! Kar, kar, kar!
Amaitu baino lehen, eskerrak eman nahi dizkiot Liberi, Bonboi tabernako jabeari, pintxo biziki gozoak prestatu baitzituen, eta sekulako pazientzia eduki baitzuen gurekin!! Hurrengoan, noski, errepikatuko dugu!
PRAKTIKATU ETA BIZI!!





No comments:

Post a Comment