2021-06-25

ALTXORRAREN BILA ARITU GINEN ATZO, GOIZ ETA ARRATSALDEZ

 

Amaiera ederra eman genion atzo ikasturteari. Gynkana dibertigarria antolatu genuen kurtso berezi hau behar bezala agurtzeko, eta ekintzara animatu ziren berbalagun eta AEK-ko ikasleek ederto pasatu zuten. Izan ere, ordubete inguru ibili ziren bidean utzitako pistak aurkitzen eta pisten barruko asmakizunak askatzen, Pepeton gordeta zegoen altxorra non zegoen jakiteko. 



 

Kurtzeko plazan batu ginen 10:00etan, eta talde bi egin genituen, erronkak emozio handiagoa izateko. Taldeek ibilbide bera egin zuten, baina altxorra aurkitzeko pistak leku ezberdinetan zeuden, eta hori pizgarri berezia izan zen taldeentzat, partaideek uneoro ikusten baitzuten beste taldea aurretik edo atzetik zegoen.



 Jokoaren xedea altxorra aurkitzea zen, baina horretarako, bildutako pistetan aurkituko zuten logika jolas bat planteatu genien. Arrasto bakoitzak altxorretik hurbilago eraman zituen gure lagunak, baina jokoa osorik osatu arte ez genien eman altxor preziatuaren kokapena. Eta ez, umeentzat pentsatutako kontua dela eman arren, gogotik bota zuten izerdia, ezkutatutako paperak non zeuden eta jokoa nola ebatzi behar zen asmatzeko!


Arratsaldean eguzkia atera zen laino artetik, eta behin betiko uxatu genuen aurreikusita zegoen euriaren beldurra.  18:00etan hasi ginen, eta bigarren txandako parte hartzaileak ere ederto batean moldatu ziren. Goizekoak bezala, arrasto bakoitzaren atzetik ibili ziren, Pepetora heldu ziren arte. Bertan, azken argibidea zuten zain, eta tentsio uneak bizi izan genituen, talde biak oso parekatuta egon zirelako azken txanpan.



Altxorra Belategi auzoko Baserri baten ondoan ezkutatu genuen, San Juan gauak utzitako errautsa batzuen ondoan. Bertan, Karmele Arrieta zain genuen, gau magiko honek euskaldunontzat historian izan duen garrantziaren zergatia kontatzeko. Oso kontu, kanta eta ohitura interesgarriak aipatu zizkigun Belategiko berbalagunak, eta adi-adi entzun genion denok, altxorraz gozatzen genuen bitartean.




Altxorra gozokiz betetako kutxa zen, baina barruan zegoen mezuak ondotxo azaltzen zuen altxorra ahoz aho darabilgun hizkuntza dela eta euskarak, gozokiek ez bezala, zenbat eta gehiago dastatu, orduan eta iraupen handiagoa daukala. Beraz, kantak dioen bezala, "maita nazazu gutxiago eta goza nazazu gehiago"

Orain udako berbalagunen txanda da! Besteok urrian ikusiko dugu elkar!

Ondo pasa uda!


2021-06-12

TXOTXONGILOAK SORTZEN ARITU DIRA GURASOLAGUNAK

Arratsalde ederra pasatu dute gaurkoan ere Gurasolagun egitasmoaren ume eta gurasoek. Aurreko saioan itzalekin jolasten ibili ziren gure txikiak, Urtxintxako begiraleak ekarritako antzeztoki txiki batean, eta ideiari jarraitu nahi izan diogu, hariz lotutako txotxongilo ederrak sortuz. Emaitza polit-polita izan da, baina hori baino garrantzitsuagoa den beste gauza bat ere ikasi dute, edozein material berrerabil daitekeela.


Komuneko paperaren tutuak, tapoiak, eta kortxoak ekarri dituzte familiek etxetik, umeek aukeratutako animaliari gorputz-atalei forma emateko. Zoologikoa izan dugu: elefantea, lehoia, hartza, pantera, otsoa, azeria, igela...denetarik! Kolore egokiko kartulina aukeratu eta aurpegiak margotzen hasi dira umeak poz-pozik, gurasoak silikona eta bestelako material arriskutsuagoa lantzen aritu diren bitartean.


Gaur ezin izan dira etorri gurasolagun beterano asko, baina familia berri bi hurbildu zaizkigu, eta besoak zabalik hartu ditugu. Horrek erakusten du proiektua gero eta jende gehiagorengana heltzen zaiola, eta hori ikustea oso pozgarria da, gure sarea gero eta handiagoa izatea nahi dugu eta. Lehen tailerra izan zuten, baina primeran moldatu ziren. Bistan da etxean ere eskulan asko egindakoak direla!


Familien arteko giro ona, eguraldia eta AEKren terraza zabala izan ziren atzoko tailerraren emaitzaren gakoa; hori eta umeen ilusioa, jakina! 

                                     Hurrengora arte, lagunok!


2021-06-03

PULTSERAK EGITEN IKASTEN

Pultserak egiten irakatsi ziguten atzo arratsaldean Berbalaguneko jostunek. Talde beterano honetako kideak asteazkenero elkartzen dira AEKn, eta atzo bertako ikasleekin elkartu ziren, apaingarri polit hau nola egiten duten azaltzeko. Pandemiaren arriskua saihesteko, terrazara irten ginen, eta eguraldia lagun, ederto batean pasatu genuen arratsaldea.

Jostunek urteak daramatzate jostorratzari eragiten, baina duela bi urte Sorkunde batu zen taldera, eta pultserak egiteko zaletasuna piztu zien beste taldekideei. Ederto aritzen ziren guztiak, baina eskulan horretan bera da ondoen moldatzen dena, eta atzo hainbat eredu ekarri zituen, ikasleek gustukoen zuten hori aukera zezaten.
Sorkunde artista hutsa da horretan, baina beste taldekideek ere ederto egiten dute, eta hasi berriei laguntzen ibili ziren, denok ez baikara haiek bezain iaioak. Eredu bi egin genituen: errazena eta abilezia handiagoa eskatzen zuen beste bat, eta, egia esan, oso lan politak egin zituzten guztiek.
Arratsaldea biribiltzeko, eredu bezala izandako pultsera bana eraman zuten ikasleek, eskumuturra dotore-dotore janzteko. Eskerrik asko Maribel, Azu, Sorkunde eta etortzerik izan ez zuten Miren eta Txaro jostun apartari!!!



2021-06-01

UDABERRIKO OTORDU OSASUNTSUAK BASAURIN

 

Aupa euskaltzaleokok! 

Larunbaterako plan ederra proposatuko dizuet: UDABERRIKO OTORDU OSASUNTSU TAILERRA. Oraingoan aukera edukiko dugu udaberriak Euskal Herrian berezko dituen elikagaiak erabiliz otordu osasungarriak egiteko, gorputza biziberritzeko udaberrian ingurumenak egiten duen bezala!
 

Izena lehenbailehen eman 645 715 621 telefonora deituz/mezua bidaliz, bestela hegouribe@aek.eus helbidera idatzita. Lekuak mugatuak izango dira, beraz, ez utzi azken momenturako eta jarri kontaktuan gurekin!


PRAKTIKATU ETA BIZI!