2012-01-20

Harria eta herria hitzaldia





Basauriko Euskarabila elkarteak antolatutako Harria eta herria hitzaldian ateratako argazkiak dituzue ikusgai.


Ordubeteko hitzaldi interesgarria eman zuen Iñaki Perurenak. Bertan harriaren eta euskararen jatorriaz hitz egin zuen.


Saioa bukatu eta argazki polit-polita atera ziguten Hego Uribeko berbalagunoi harrijatzolaile leitzarrarekin.






2012-01-19

Osteguneko berbalagunon afaria



Batzuk lanean, eta bitartean beste batzuk...







Azaroaren 4an osteguneko berbalagunok urteko lehen afaria egin genuen.

Urrian ezagutu genituen aurtengo fitxaje berriak eta astebetera erabaki genuen afaria egitea denok hobeto ezagutzeko elkar. Iaz zazpi lagun, aurten hamalau; kontuak atera…Afaria beste sukaldari batek eta bere bi laguntzaileek egin ziguten eta egia esan, lehia handia egongo da zein baino zein hobea delako. Afalostean guztientzako opariak egon ziren eta horrek giroa gehiago alaitu zuen.

Txokotik irteterakoan betikoa: batzuk goiz etxera eta beste batzuk tabernak ixten.

Hurrengoan ez gara txokoan sartuko!!!








2012-01-16

Txalaparta ikastaroa.


Urtarrilaren 30ean Txalaparta ikastaro interesgarria egingo dugu.
Saio bakarra izango da, hau da, ez da astero astero egingo dugun kontua.
Jende asko etorriko balitz urtean zehar saio gehiago egingo genituzke.

Txalaparta zer den eta zelan jotzen den ikasiko dugu eta bide batez zarata (musika handirik ez dugu guk egingo) apur bat aterako dugu.

20:00etan Galdakaoko AEK euskaltegian
SARRERA DOHAINIK

Anima zaitezte!!!

2011-11-22

Lagun asko elkartu gara, baina gehiago nahi ditugu.

Aspaldiko berbalagun!

Taldeak urriaren hasieran geratzen hasi arren, hau da aspaldian idatzitako lehen kronika.

Iraila eta urria oso hilabete neketsuak izan dira, ahalik eta lagun gehien biltzen saiatu garelako. Egindako lanaren emaitza oso positiboa da. Izan ere, iaz baino 35 berbalagun gehiago animatu dira aurten gurekin batera euskararen aldeko bide hau egitera. Talde kopuruak ere, normala denez, gora egin du: iaz baino hiru talde gehiago ditugu.

Ikastaroei dagokienez jakin beharrekoak:

- Dantza taldea
Iazko dantza taldeko irakasleak oraingoz ezin du klaserik eman, baina beste irakasle bat topatzen saiatuko dela esan digu. Espero dugu berak besteko pazientzia izatea… Jakinaren gainean izango zaituztet.

- Jostunen tailerra
Aurten ere asteazkenetan AEK-n izango da. Ordutegia 19:00etan.

- Mendi taldea
Mendizale asko dugunez inguruan mendi taldea ere sortu dugu.
Hilabetean behin-edo txango bat egingo dugu mendituan aditua den berbalagun jator batek gidatuta. Ibilbide atseginak izango dira, ez pentsa Himalaiara igoko garenik.
Hilabetero egingo ditugun ibilbide guztien berri emango dizuet, bai blog-ean, bai facebook-eko web orrian.

- Kantugintza ikastaroa
Iazko kantugintza saioak izan zuen arrakasta ikusita, aurten urtean zehar hiru saio egitea pentsatu dugu. Gabonetako, aste santuko eta udako oporren aurretik geratuko gara AEK euskaltegiko terraza erraldoian. Beraz, nahi beste lagun sartuko garenez, anima zaitezte eta anima itzazue zuen lagunak, ederto batean pasatuko dugu eta.

- Bertsolaritza ezagutu:
Iazko arrakasta eskasa ikusita (lagun bat baino ez zen animatu), aurten izena aldatzea pentsatu dugu. Ez da bertso estoka bat izango, bertsoaren mundura hurbiltzeko tailerra baizik.
Animatzen direnek erabaki dezatela zenbatero geratu:Astero, hilabetean behin, urtean hirutan edo nahi dutena.

Berbataldeetan zein ikastaroetan, astero-astero zein ahal duzuen guztietan, baina…
ANIMA ZAITEZTE GUREKIN ETORTZERA!!!

2011-09-26

Euskara atsegin dut!

"Atsegin dut!" esamoldea interneteko sare sozialekin lotzen dugu nahitaez. Baina sare sozial birtual hauetaz gain, euskara praktikatzea aurrez aurreko harreman sareak sortzeko era egoki bat izan daiteke. Benetako sare sozialak, alegia.

Urritik aurrera hasiko gara martxan. Hauek dira,oraingoz,Galdakaon dauden taldeak:

Asteartean 19:00etan

Asteazkenean 11:30ean
Asteazkenean 17:30ean (Jostunen tailerra)
Asteazkenean 20:00etan

Ostegunean 19:30ean
Ostegunean 20:30ean

Mendi taldea. Hilabeterik behin asteburuan.


ATSEGIN DUZU? ANIMA ZAITEZ