2013-11-12

GALDAKAOKO BERBALAGUNOK GERNIKAKO BERTSO SAIOAN



Egun zoragarria pasatu genuen joan den larunbatean Gernikan.

Goizeko 12:00etan, motorrak berotzeko pote batzuk hartzen hasi ginen, euskal kantutegia eskuan genuela. A ze abesbatza Gernikara joandakoa!

14:30ean bertso saioak erakarrita jendez gainezka zegoen tabernan bazkaldu genuen kantu eta bertsoz animaturik.

Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, giroa itzela zen. Gernikako Jai-Alaiak "Sarrerak agortuta" kartela jarri zuen. Ilara luzea frontoira sartzeko, eta euria barra-barra ari zuen, baina gu lasai geunden aldez aurretik erositako sarrerak poltsikoan genituen eta.

Horrenbeste denbora itxarotea merezi izan zuen, giroa ederra izateaz gain, saioak oso ale politak utzi zituelako. Eta, batez ere, ezin hobeto pasatu genuelako.

Hurrengo hitzordua jarrita dago: BEC (Berbalagun exhibition centre)

BASAURIKO BERBALAGUN AURKEZPEN FESTA


Basauriko berbalagunak aurkezpen jaia izango du azaroaren 15ean. Bertara berbalagun zein berbalagun izateko interesa duzuenok zaudete gonbidatuta.

Gure helburu nagusia giro euskaldun eta jatorrean arratsaldea pasatzea da, eta bide batez elkar ezagutzea eta kide berriei harrera ezin hobea egitea.

Aurkezpen labur eta arin bat egin eta gero, zozketa interesgarria izango da baita mokadutxo gozo-gozoa egiteko aukera.

Azkenik, festa borobiltzeko, sorpresa izugarria izango da. Zer den jakin nahi baduzu bertara hurbildu beharko duzu!!!

2013-11-11

GALDAKAOKO BERBALAGUNON AURKEZPEN FESTA




Galdakaoko berbalagunak eta berbalagun izatera animatzeko interesa daukazuen guztion festa izango da azaroaren 13koa.

Talde guztietako lagunok giro jatorrean arratsalde polita pasatzea da nahi duguna, eta, bide batez, kide berriei behar bezalako ongi etorria egitea.

Aurkezpen labur eta arin bat egin eta gero, Barry Manley bakarrizketalari irlandarraren umoreaz gozatu ahal izango duzue.

Azkenik, festa borobiltzeko, zer jan eta zer edan egon da. Beraz, lasai, mokadutxoa dastatu gabe ez zarete etxera bueltatuko eta!



ANIMA ZAITEZ, EDERTO BATEAN PASATUKO DUGU ETA!!!


2013-11-06

HITZ GURUTZATUEN BASAURIKO III.TXAPELKETA



Aurten ere Basaurin Hitz gurutzatuen txapelketa egingo dute. Bolintxu AEK euskaltegiak eta Enrike Jaio Kultur Elkarteak antolatuko dute ekimen hau hirugarrenez.
Larunbat honetan, azaroaren 9an, izango da goizeko 09:30etik aurrera Eskarabilla txokoan (Renfe geltokiaren ondoan). Bertan, lagun giroan goiza euskaraz emateko aukera paregabea izango duzue. Ez hutsik egin!


Izena emateko edo informazio gehiagorako

bolintxu@aek.org
94 440 82 64