2018-12-27

GALDAKAOKO GURASOLAGUNEN LEHEN TAILERRA: ELUR PANPINAK


Azaroaren 30ean eman genion hasiera ikasturteari, Euskaraldiak antolatutako umeentzako tailer baten aitzakian. Gaurkoa, berriz, gurasolagunek antolatu du, gabonetako oporraldi luzean euskaraz momentu dibertigarri bat igarotzeko asmoz. Arrozez egindako elur panpinak egin dituzte bertaratu diren sei familiek. Orotara 18 lagun bildu dira, eta primeran pasatu dute guztiek.


Galtzerdi zuri zahar bat, beste bat koloreduna,  500g. arroz, artile pixka bat eta botoi pare bat. Horixe izan da erabilitako materiala. Osagai guztiak mahai gainean jarri, eta lanean hasi dira gogotsu umeak zein gurasoak. Eskulanak ez zuen aparteko zailtasunik, baina zenbait pausutan elkarri lagundu behar izan diote partaideek. Beraz, helburu nagusiak, hau da, elkarlana euskaraz uneoro nabaritu dira AEKren gela nagusian



Umeek asko gozatu dute, eskulanak esperotako forma hartu ahala. Gainera, kasu honetan, etxeko arropa zaharrekin ere gauza politak egin daitezkeela ikusi dute; eta horrek birziklatzearen balio erakutsi die. Panpinari bufanda egin eta gero, atalik zailena etorri da: ponpoidun txanoa. Baina proba hau ere aise gainditu dute txikiek, gurasoen laguntzari esker. Azken emaitza begi bistakoa da: elur panpi dotore-dotore bana




Gaurko tailerra familia batek antolatzen duen lehena izan da. Ikasturtearen kronograma egin genuen, eta abenduko hitzorduaren ardura Monicak hartu zuen, Eider eta Enara alaben laguntzarekin. Primeran eman dizkigute argibideak, bai whats app bidezkoak bai euskaltegian bertan sortu diren zalantzak argitzeari dagozkionak. Tailerra amaitzean aitortu digute oso erraza izan dela gaia aukeratu eta jorratzea. Hortaz, seguru gaude urtarrilaren 25ean egingo dugun ekintzari animoz beteta helduko diola hurrengo familiak. Gaurkoz besterik ez.

Eskerrik asko, hirukote!

2018-12-18

HEGO URIBEKO BASKOT GAUA

Urtero bezala, Gabonak iristen direnean Hego Uribeko berbalagunek eta Aek-ko ikasleek gauza bi baino ez dituzte buruan: bata, Baskot Gaua, eta bestea, argi dago: KAPELA!! kar, kar, kar

Helburua jai parte hartzailea egitea izaten da, eta horretarako partaideek taldeka kapela bat egin behar dute festara eramateko. Aurtengo gaia "GABONAK" izan da, eta horren inguruko kapela desberdin ugari ikusi genituen pasa den ostiralean: opari itxurakoak, xanpain botilak,Mari Domingi josi zuten batzuek...buruari eragin zioten behintzat!!

Hasteko, goiko argazkian ikusten den bezala, Basauriko kaleetatik poteoa  egin genuen, motorrak berotu eta giroa animatzeko ( bide batez, basauriarrek ikus gintzaten). Pote bi hartu ostean, San Jose ikastetxera abiatu ginen, festaren mamia bertan baikeneukan prest.
San Jose ikastetxe barruan jatekoa eta edatekoa zuten prest Berbalagun eta ikasleek, eta argazkian ikusten den bezala koadrila ederra elkartu ginen. 30 minutuz jaten, edaten, hitz egiten...egon ostean,benetako jaiari hasiera eman genion: Taupaka sortzaileen elkarteak antolatutako "Bingo Txou"-a eta ikasle eta berbalagunek prestatutako koreografia mundialak!!
Argazki honetan ikus daiteke Eukene, Bingo Txou-a gidatu zuen artista, zentzu on guztietan, jaialdia bideratzen, gu guztiok barre algaraka aritu ginen bitartean. Oso originala eta dibertigarria izan zen, eta hasiera mailan dauden ikasleentzako oso aproposa, zenbakiak birpasatzeko baliatu baitzuten!
Ordubete pasatxo jolasean aritu eta gero, koreografien ordua iritsi zen. Taldeka atera ziren gure partaide animosoak, eta ordura arte nahikoa barre egin bagenuen ere, hortik aurrerakoa izugarria izan zen! Basaurin euskara eta umorea badabiltza!! Eta lotsa gutxi...kar,kar,kar
Bukatzeko, kapela onena eta koreografia onena saritu ondoren, Basaurin lan ikaragarria egiten ari diren 2 berbalagun omendu nahi izan genituen, haiek baitira martxan ditugun 2 euskal dantza taldeetako irakasle bolondresak: Eskerrik asko bihotz-bihotzez egiten ari zareten lan eskergagatik, Bego eta Ainhoa!!


(Hortxe, Bego Larrea)


                                            ( Eta hortxe, Ainhoa Uriarte)
Honekin, amaiera eman genion jai eder honi. Eskerrak eman nahi dizkiegu hurbildu ziren  partaide guztiei, Eukene artistari eta nola ez San Jose ikastetxeko zuzendari Jabiri, hain leku aproposa beste urte batez laga digulako. Zuoi guztioi esker lortu dugu horrelako jai potentea aurrera eramatea!! Hurrengo urtean itzuliko gara indar handiagoz!!
Praktikatu eta bizi!!!


2018-12-17

BASAURIKO GURASOLAGUN SAIOA ATZERATUTA

Sentzitzen dugu hain berandu abisatzea, baina gaur Basaurin ospatuko genuen Gurasolagun saioa atzeratu behar izan dugu, azken momentuko ustekabe bat dela eta. Ahal bezain pronto jakinaraziko dizuegu noiz izango den saioa.
Barkatu eragozpenak. Basauriko berbalagun dinamizatzailea.