2019-11-30

GALDAKAOKO GURASOLAGUNEN LEHEN TAILERRA: HUESITO GOXOAK!!!


Kuadrilla ederra elkartu zen atzo Galdakaoko Gurasolagunen ikasturteko lehen tailerrean. Guztira 9 familia,28 lagun, sartu ziren Asier dinamizatzailearen Berezioetxeko txokoan. Ume eta ez hain ume direnei horrenbeste gustatzen zaizkien huesitoak egin genituen, Tere eta Josuren argibideei jarraituz. Emaitza? dendan erositakoak goxo badaude, imaginatu etxean egindakoak...itzelak!



Umeak primeran moldatu ziren txokolatea barkilloetan zabaltzen, eta gurasoen laguntzari esker moztu eta bata bestearen gainean jarri zituzten. Lehenago esan bezala, Tere arduratu zen atzoko tailerra gidatzeaz, baina guraso guztiak egoten dira beti laguntzeko prest, eta horra elkarlanaren adibide bat: batzuk harrikoa egiten, beste batzuk txokolatea urtzen, mahaiak garbitzen...Eta gainontzekoak?


Besteak, txokolatea urtu bitartean, umeekin jolasten. Izan ere, ez da erraza 16 ume 30 metro karratuko lokal batean gobernatzea. Beraz, zoritxarrez, gaur egun gero eta gutxiago ikusten den egoera bat bizi izan genuen atzokoan: umeak kalean,  soka saltoan jolasten. Zeinen gustura aritu ziren! Ideia bikaina, Sergio!




Eguna borobiltzeko, Euskaraldiaren harira Bagabiz Euskara Elkarteak antolatutako bertso-bingora joan ziren familia batzuk, eta han ere ederto pasatu zuten. Bitxia da, iaz ere Euskaraldiaren ekitaldian elkartu ginen lehenengoz. Ea iazkoa bezain emankorra den 2019-20 ikasturtea! Atzokoa ikusita, behintzat, seguru!!!
j
Eskerrik asko, Tere eta Josu, atzo lan ederra egin zenuten eta!




2019-11-27

BASAURIKO GURASOLAGUNAK PINGUINOEKIN JOLASEAN

Ikasturte honetako lehen Gurasolagun saioa bertan da!! Parte hartu nahi?? Gurekin kontaktuan jarri edo bestela, egun eta ordu zehatze horretan Bolintxu euskaltegira etorri.
Oraingo honetan, negua hurbil dugunez, "pinguino jostagarriak" egingo ditugu. Horretarako, etxetik 2 plastikozko botila eta kotoi pixka bat ekarri behar dute partaideek. Gainerako materiala guk jarriko dugu.
Hortaz, ez egin zalantzarik eta etorri gurekin gozatzera!!
PRAKTIKATU ETA BIZI!!

2019-11-26

HEGO URIBEKO MENDILAGUNAK BAKIO INGURUAN


Ikasturte honetako lehen irteera izan zen aurreko igandean egin genuena, eta eguraldi kaxkarra zela eta, zortzi ausart besterik ez ginen animatu Bakio eta Matxitxako lurmuturraren arteko ibilbidea egitera. Hala ere, igande goiz aparta pasatu genuen!

Goizeko 8:30ean genuen hitzordua Basauriko udaletxe aurreko markesinan. Handik bi kotxetan joan ginen Bakiora, eta bertan kafetxoa hartu eta gero ibilbideari ekin genion. Ikus dezakezuen lehen argazkia Bakiotik Eneperi jatetxera dagoen begiratoki  batean ateratakoa da.

Argazki honetan ikusten denez, euria izan genuen tarteka, baina Berbalagunek adoretsu jarraitu zuten aurrera; euritakoa lagun, zira lagun...irribarrea ahoan. Euskal Herriak halako egunak gehiago ditu eguzkitsuak baino, eta xarma berezia eman zion txangoari. Gainera, badakizue: gogoko tokian aldaparik ez!

Tipi-tapa tipi-tapa Gaztelugatxe ondotik pasatu ginen, eta 2 orduren buruan Matxitxakoko itsasargian geunden. Bertan banana, sagarra eta mandarinak jan, eta itzulerako bideari ekin genion, eguerdian etxean bazkaltzeko egon nahi genuen eta.
( Gaztelugatxe urrunean)
Bukatzeko, Bakion bertan zurito eta pintxoa hartu ondoren, eguerdiko 15etarako Basaurin ginen berriro, hurrengo irteera egiteko ideiak buruan genituela. Goiz polita igaro genuen eta dagoeneko errepikatzeko gogoz gaude. Eta zu? Animatuko zara hurrengoan? Adi egon gure blog eta facebook-ean ezagutaraziko baitugu datorren irteeraren data eta lekua!!
PRAKTIKATU ETA BIZI!!