Hona hemen gure berbalagun batek aurkezpenean botatako hitz politak:
DABILEN HARRIARI ODOLDIRIK EZ
“Harri erabiliak ez du goroldiorik izaten”, dino Gotzon Garatek bildutako gure atsotitz zahar batek.
Erabiliaren erabiliaz, eta ekinaren ekinaz hobetuten doguz gizakiok be gure gaitasunak hainbat arlotan.
Halan, harri-jasotzailea, plazara urten orduko, harria altxetan ibiliko da astean hiru edo lau aldiz.
Bardin aizkolaria aizkoreagaz.
Galdakao moduko hiri bateko urbanita egin garenok, gure gorputza zainduteko beharra asmau orduko, hor goaz gimnasio batera edo kolesterol arrutak deitutako bideetan zehar: Bekeatik aurrera Lekubasorantza, zein Urretatik gora Arantzileko presarantza.
Badaukaguz eduki be horretarako Galdakaon, polikiroldegiak, dantzan trebatuteko taldeak, gimnasioak, uger egiteko lekuak, eta gainerakoak.
Eta euskereagaz zer gertatuten jaku? Ez al dogu ikusten geure burua euskeraz trebatu, landu eta erabili beharrean?
Hainbat euskaldun bizi gara Galdakaon estatistiken arabera: 11.000 inguru. Eta horrezaz ganera 6.000 ia-euskaldun. Guztira 17.000 inguru ei gara euskeraz egiten, gutxi edo gehiago, dakigunok, Galadakaon.
Badira, gugaz batera, 11.000 erdaldun be, euskerarik ez dakienak.
Horretara danok gara erdaldun, 28.000. Danok egiten dogu erdaraz, eta bakarrik batzuk, batzuetan, egingo dogu euskeraz.
Arazoak daukaguz euskera erabilteko: kalean, lanean, denda eta tabernetan, erakundeetan, udaletxean bertan, baina baita be, lagun artean eta familia barruetan.
Eta erabilteko arazo hori ez da euskeraz egitea debekauta dagoela. Xabier Amurizak oraintsu esan dauen legez, ez dago dagoeneko debekauta euskeraz egitea. Hori bai gure ohitura eta abegikortasunari jarraituz, nahikoa da inguruan baten bat erderaz hastea, euskaldunok be erdaraz egiteko. Eta apurka apurka, ohituraren indarraz, betiko euskaldunon artean be erderaz egingo dogu gero eta sarriago.
Geldirik eta gerizpetan dagoen harriari odoldia egiten jakon moduan. Geldirik dagoen gorputzari giharreak ahulduten jakozan moduan. Erabilten ez dogun euskerea, ahuldu, indargetu, kaskartu, ugertu, gaixotu, eta galdu egiten jaku.
Eta euskerea gatxa, zaila, dalako mitoa zabalduten dogu ahoz-aho. Izan be, zelan ez jaku izango gatxa erabilten ez dogun hizkuntza!
KEPA ATUTXA (BERBALAGUNEKO PARTAIDEA)
No comments:
Post a Comment