2007-10-17

Mintzapraktika aurrera doa!!!!!!!!!!

Hiru eragile elkarlanean, gehiagoren zain
Euskaltegiek eta Euskara Elkarteek lan eskerga egiten dihardute azken urteotan gure hizkuntzaren alde, bakoitza bere esparruan. Bien zereginak garrantzi handikoak eta "elkarren osagarri" direla azaldu du Jasone Mendizabalek, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren zuzendariak: "Azken urteotan argi ikusi da euskara ikasteko ez ezik, erabiltzeko erraztasunak ere eman behar direla".

Ezagutza eta erabilera "naturaltasun osoz uztartu dira" orain arte sortu diren mintzapraktika egitasmoetan. Haietan, euskaraz aritzeko erraztasuna landu nahi dutenak (euskaltegietako ikasleak, euskaldunak izan arren hizkuntza erabiltzeko aukerarik ez duten lagunak...) eta erraztasun hori jadanik badutenak elkartzen dira, elkarrengandik ikasteko. Topagunearen ordezkariak azpimarratu duenez, "erakunde publikoek hasiera-hasieratik ikusi dute argi mintzapraktikaren garrantzia, eta ezinbesteko partaide izan dira" orain arteko elkarlanean.

Duela zazpi urte, Bizkaiko Berbalagun egitasmoak koordinatzeko AEK-k, Uztarriak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Topaguneak sinatu zuten Berbabarri hitzarmena jarri dute adibidetzat.
Elkarlanaren bide horretan sakonduz, AEK-k, Topaguneak eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak harremanak landu dituzte azken urte eta erdian. Gaurkoan aurkeztu dena lankidetza horren lehenengo emaitza baino ez da. Zentzu horretan, Mendizabalek argi utzi nahi izan du "elkarlana dela honelako egitasmoen giltza garrantzitsuenetakoa" eta "bide horretan sakontzeko asmoa daukagula". Gonbitea ere luzatu die "herrietan sustatzaile izan nahi duten erakunde guztiei batera lan egiteko. Gure aldetik, ahalegina egingo dugu inor kanpoan gera ez dadin".

Mintzapraktika egitasmoak
Arestian aipatu den bezala, mintzapraktika egitasmoak izan dira lankidetzaren abiapuntu. Mertxe Mujika AEKren Koordinatzaile Nagusiak azaldu du zertan gauzatuko den lankidetza hori, lau helburu nagusi nabarmenduz:

1. euskararen erabilera bultzatzea
2. herrietako mintzapraktika egitasmoak zabaltzea
3. egitasmo horiek sustatzen dituzten eragileen elkarlana bultzatzea
4. egitasmoen ikusgarritasuna handitzea eta haien eraginkortasuna gizarteratzea

Barrura begira, jadanik martxan dauden mintzapraktika egitasmoen funtzionamendua hobetzeko eta egitasmo berriak martxan jartzeko jarraibideak adostu dituzte Topaguneak, AEK-k eta HPSk. Baina horrez gain, eta kalera begira, irudi bateratua ere sortu dute hiru eragileek: MP letrak osatzen dituzten hiru lagunen irudi koloretsuak izango dira aurrerantzean mintzapraktika ekimenak erraz ezagutarazteko ikurra, sinplea, koloretsua eta identifikatzen erraza.

"Mintzapraktika egitasmoen erreferente argia ere sortu nahi izan dugu" azaldu du Mertxe Mujikak, "eta horretarako Internetera jo dugu. Informazioa bilatzeko biderik erabiliena da gaur egun, eta pentsatu dugu ezinbestekoa zela ekimen berri honek sarean ere bere txokoa izatea". Mujikak azaldu duenez, informazio hutsa baino askoz ere gehiago aurkituko dute internautek www.mintzapraktika.org webgunean. Parte-hartze aktiboa ere funtsezkoa izango da webgune berrian: bertan, mintzapraktika talde 'fisikoek' aukera izango dute foroetan parte hartu eta haien blog propioak sortzeko, baina gainera, inguruan talde fisikorik ez duten lagunek ere mintzapraktika plataforma birtual gisa erabili ahal izango dute webgunea, ahozko komunikazioa ahalbidetzen duten tresnen bidez.

Errotuz doan mugimendua
Mintzapraktika egitasmoek hazkunde handia izan dute azken urteotan. Aitzindaria Donostiako Mintzalagun ekimena izan zen, 1993an abiatu zena. Harez geroztik, gero eta jende gehiago joan da halako ekimenetan batzen, gaur egungo zenbakietara iritsi arte: mintzapraktika taldeak Euskal Herri osoko 40 herri eta eskualdetan daude martxan, eta 1.800 lagun baino gehiago mugitzen dituzte. Mugimendua sasoi betean dago, gainera, eta oraindik badira sortze prozesuan dauden taldeak: Sakana, Gasteiz, Ezkerraldea...

No comments:

Post a Comment