Martxoaren 19an Galdakaoko Berbalagunok ere bat egin genuen Enkarterriko, Ezkerraldeko, Meatzaldeko eta Aiaraldeko berbalagunek sagardotegiarekin zuten hitzorduarekin. Argazkian agertzen ez bagara ere, ez ginen urruti ibili, horregatik utzitako aztarna gehitu diogu argazkiari. Hamaika lagun, hamaika aztarna.
PAUSOZ PAUSO gelditu barik...
11:30ean mendebalde urrunetik etorritako lagunek hartu gintuzten eta zuzenean Astigarragara, Euskal Herriko sagardoaren hiriburura, abiatu ginen.
Autobusean sartu aurretik eskulan ikastaro laburra egin genuen, gerora aldean eraman genituen euskalakari pin erraldoiak egiteko. Eskerrak egin genituela, eskualdeak identifikatzeko, kolore ezberdineko pegatinak banatu zituztelako eta lau kolore baino ez zeudenez, guk nola ez? Galdakaotik ere ikus zitekeen bereizgarria eraman genuen. Sagardotegian zergatik jarri ote ziren musikariak gure ondoan? Kanturako gogotsu geundelako eta nahiz eta bazter batean egon, gure eztarri finetik ateratako kantak bertan zeudenen gozagarri izan ziren. Dantza ikastaroan ikasitakoa ere praktikan jarri genuen, bai sagardotegian, bai Hernaniko herriko plazan. Zer pentsatuko luke gure dantza irakasleak? Seguru barre egingo zuela, baina larunbatean denok egin genuen barre. Bertsoak ere entzun genituen, nahiz eta kalitate handikoak izan ez. Bukatzeko eskerrik asko Andra Mari Dantza Taldeak antolatutako espedizioko partaideei, euren autobusean eraman gintuztelako etxera. Hain gustura geunden, ezen zortzietan bueltatu zen taldeari esan baikenion gu bertan geratuko ginela tabernaz taberna. Buelta gogorra izan zen, hala ere baten bat ez zen etxera joan autobusak utzi gintuenean. Seinale ona zalantzarik gabe...bejondeigula.
No comments:
Post a Comment