2011-03-09

KORRIKArnabala

Korrika apirilaren 7an, Trebiñun hasiko dela? bai, egia da, ez dugu inor nahasi nahi. Baina aurten Galdakaoko Berbalagunok, Korrika alternatiboa egin nahi izan dugu: KORRIKArnabala.
Arratsaldeko zazpietan, mozorroak prestatzeko euskaltegian geratu eta bederatzi eta erdietarako Someran bildutako jendea Goseren "pausoz pauso gelditu barik..." musikaz gozatzen hasi zen.
Korrika antolatzailearen agindupean pankartaren eta lekukoaren atzetik Euskalakari pin erraldoiak saltzen joan ginen tabernaz taberna. A ze arrakasta!
Argi geratu zen Euskal Herrian ez ezik, Mexikon eta Afrikan ere euskararen alde daudela. Elizak bi ordezkaria bidali zituen, Bengoetxea gotzaina eta AEBtik etorritako Gospel kantaria. Azeriak ez zuen borrokarako gogorik ezpata etxean utzi zuelako, baina petoa janztea ez zitzaion ahaztu. Sorgin batek bat egin zuen deialdiarekin eta pijamaz jantzita etorri zirenek ere nahikoa zalaparta sortu zuten, pijama etxean jantzita zutenen kalterako. Peluka, antifaza eta betaurreko erraldoiak petoarekin jantzi zuenik ere agertu zen "ika, ika, ika, KORRIKA" oihukatuz.
Laburbilduz, ederto batean pasatu genuen eta bide batez Korrikari lagundu genion, zer gehiago eska genezakeen?

No comments:

Post a Comment