Gaur Benito Lertxundiren kontzertua izango da Sozial Antzokian arratsaldeko 20:30ean. Aspaldi bukatu ziren sarrerak; beraz polito egongo da.
Harrigarria izaten da askotan, patuak duen indarra! Batzuetan, apartekoak
diruditen bi historia, bi pertsona, gurutzatzen dira, zergatia zehazki
jakin gabe, ezkutuan idatziriko historia batean loturik baleude
bezala, bien artean, horrela, historia berri bat osatzen dutelarik.
Oraingo historia honek bi protagonista ditu: Mireia Berenguer eta Benito
Lertxundi. Mireia katalana da, Ripollet herrian jaioa, 29 urte ditu eta
duela 9 bat Euskal Herriaz maitemindu eta han dena utzirik, honuntza
abiatu zen. Hemen topatu zituen lehen erreferentzietakoak, nola ez,
Mikel Laboa eta Benito Lertxundi izan ziren. Ez zihoan, bada,
desbideratuta. Bere kezka, bere ardura, bere dedikazioa, bere bizitza
azken batean, arazoak dituzten gazteen artean dago eta, hori dela eta,
Hondarribiko Goikoerrota deritzan Errota zaharreko egoitzan arreta
berezia behar duten gazteentzat batipat, natureskolaren proiektoaren
garapenean buru-belarri dabil. Duela aste batzuk, eguzkia sortu
aurretik, bapateko intuizio batek gidatu zuen Jaizubiako
marismetako bidea hartzera eta hantxe, goizaldean, lehen printzeekin
batera, laino artean topatu zuen enkoadreak harrapaturik, argazki bat
atera zion, zertarako oso ondo jakin gabe. Argazkian dastatu daitekeen
giro lasai bezain enigmatikoak barrutik harrapatzen gaitu eta barne
munduan murgil gaitezen, gonbite dultzea, misteriotsua eta dotorea
luzatzen digu. Egun horretan, bere lagun batek, argazkiaren magiaz
oharturik, ETB-ko eguraldiaren tartera bidaltzea deliberatu zuen
(EITB.com), gauean Benito Lertxundiren arreta bereganatuko zuela inondik
ere susmatu gabe. Benito Lertxundi kantaria, bitartean, bere disko
berriaren lehen urratsak ematen ari zen eta kantuen azken xehetasunak
bukatzearekin batera, diskoa bera, hala nola horren komunikazioa ere
bilduko zituen irudiaren bila zebilen. Argazkia telebistan ikusi
zuenean, ez zuen zalantzarik izan. Huraxe zen bere lan berriaren mamia
hoberen marrazten zuen irudia: misterio eutsia, edertasun goiztiarra,
bakardade gozoa eta basatia. Mireiak, bitartean, bere proiektoan
jarraituko du gogor
(goikoerrotanaturguneanaturescola.blogspot), intuizioak eta patuak bere
bihotzeko proiektoaren zortea bideratuko duten esperantzan.
No comments:
Post a Comment