2015-04-27

GALDAKAOKO BERBALAGUNAK KURTZEGAIN MENDIAN




Goiz pasa polita egin dugu apirileko azken larunbat eguzkitsu honetan.
Galdakaoko lau berbataldetako zazpi lagun eta herriko beste sei euskaltzale animatu ziren Orozkoko Orortegi auzoan (eskumako argazkia) hasi zen ibilbide eder honetara.
Kotxeak baserrian utzi, botak jantzi eta gora abiatu ginen, eguraldia lagun.




Gailurreko paisaia ederraz gain, Gorbeialdeko zenbait altxor ikusi eta horien atzean dagoen historia ikasi genuen, mendian aditua den gida batek azalduta.
Kirikiñausi (Ezkerreko argazkia) barruan sartu ginen. Gaztainondoen adarrak astinduz, gaztainak errazago pilatzeko erabiltzen zituzten harrizko ontzi erraldoiak ziren. Irudikoa berria izan arren, urte asko dituzten horrelako hainbat daude inguruan.



"Tasio" pelikulan ezagunagoak egin ziren txondorrak ere ikusi genituen. Egur ikatza egiteko erabiltzen zituzten gure arbasoek, eta gaur egun balio handikoak dira. Txondor horietara botatzen zuten egurra pagoetatik hartzen zuten askotan. Adarrak modu berezian inausten zituzten (Pago motzak sortuz), horren altu ez hazteko. Modu horretan, lana errazago egiten zitzaien.




 Ordu biko ibilalditxoa egin eta gero, Kurtzegaineko zutarria genuen gure zain. Zazpi tona eta 5 metroko harritzar honen ondoan atera genuen eguneko azken argazkia. Atzean, Itxinaren edertasuna.
Aurrera begira, azken irteera honen moduko beste asko. Bejondeigula!

Eskerrik asko, Ainara Ibarra!!!

No comments:

Post a Comment