2016-06-26

BAZKARI MUSIKATU ITZELA, IKASTURTEARI AGUR ESATEKO


Lau urte joan dira berbatalde guztiak elkartu eta ikasturtea agurtzeko bazkaria egiten hasi ginenetik. Lehenago, talde bakoitzak berea antolatzen zuen, baina talde kopuruak gora egin ahala, partaide guztiek elkar ezagutzeko zita polita bururatu zitzaigun.

Aurtengo bazkarian, besteetan bezala, berbalagunak eta ikasleak elkartu ditugu; ea datorren urteetan klasetik kanpo gurekin praktikatzera animatzen diren!

13:00etan hasi zen poteoa, eta tantaka hasi ziren etortzen.Batzuk gogotsu lehen momentutik; beste batzuk HABE azterketatik, oraindik azterketa buruan zutela; eta azkenik, bazkarira eta kantaldira etorri zirenak.

Bazkarian indarrak hartu eta kantatzeari ekin genion 16:30 aldera. Jonuren saio bikaina hasi aurretik, diplomak banatu genituen, bidelagunei eta bidelagunik gabe funtzionatzen duten taldeei esker ona adierazteko. Talde guztiak ordezkatuta egon ziren, hiru izan ezik, eta poz-pozik jaso zituzten euren argazkiak.

Ondoren, Jonuren emanaldiaz gozatu genuen. 16 abesti eraman zituen etxetik prestatuak, eta jendearen "beste bat, beste bat...!" oihuek beste bi kantatzera behartu zuten gurekin beti hain ondo portatzen den kantautorea eta bidelaguna. Eskerrik asko, Jonu!


Ikasturtea amaitu da gehienentzat. Izan ere, udako berbalagunak gure hizkuntza praktikatzen jarraitzeko geratu dira datorren astean.

Iraileko topaketan ikusiko dugu elkar. Bien bitartean, ondo pasa oporretan!!

No comments:

Post a Comment