2019-05-20

BASAURIKO V. MINTZODROMOA

Aurten Basauriko V. Mintzodromoa ospatu dugu eta azpimarratu nahi dugu aurten ere arrakasta handia izan duela! Apurka-apurka baina lortzen ari gara Basauri gero eta euskaldunago eta euskaltzaleago egitea!

Basaurin ohitura den bezala, bi saio antolatu genituen; bata goizeko 10:30etatik 12etara, eta bestea, arrastiko 18:30etatik 20etara, Solobarria plazan. Horri esker, jende kopuru handia biltzeaz gain, herriari ikusarazi diogu proiektua; horren adibide da pertsona ugari galdetzera etorri zitzaigula zertan ari ginen, parte hartu zezakeen...eta batek baino gehiagok momentuan izena eman zuen.
Lehen aipatu bezala,goizeko saioari hasiera 10:30etan eman genion eta hizlariek indarra har zezaten, lehenik eta behin, kafea eta pastak hartzeko aukera izan zuten. Horren ostean, ordubete inguru eman zuten aurten proposatutako gaien inguruan euren iritziak plazaratzen: "Oporrak", maila baxuagoa zutenei konfiantza emateko; " Hiritar zintzoa al zara?"; izenak dioen bezala gure portaeren eta jokabideen gaineko hausnarketa egiteko eta "Apustu etxeen arazoa" izan zen bukaera eman zion gaia; gaur egun dagoen adikzio larrienetariko bati buruz hitz egiteko. Gaiak aproposak iruditu zitzaizkien eta horren seinale da, goizean hurbildu ziren 120 lagunei labur egin zitzaiela saioa!

Arrastian ere, koadrila polita elkartu zen Solobarria plazan, 105 bat lagun, eta goizeko dinamika berberean aritu ginen; kafea, ura, pastak, mihia dantzan jarri...ederki egon ziren bertara hurbildu ziren ikasle, berbalagun eta euskaltzaleak!
Hortaz, aurten ere helburua lortu dugu; ekitaldi arrakastatsua egin dugu, eta ez kopurutan soilik ( 220 lagunetik gora), emandako itxura, hartutako inertzia eta lortutako atxikipenek hemendik aurrera baikor izaten lagunduko baitigute!! Datorren urterako lanean gaude dagoeneko! Milesker parte hartu duzuen guztioi, zuek gabe horrelako ekintza egitea ezinezkoa bailitzateke!!
Praktikatu eta bizi!! 

No comments:

Post a Comment