Beste batzuetan, kide berriei ongi etorria emateren aitzakian egin izan dute, baina aurten beste arrazoi bitxi bat egon da tartean. Izan ere, Aurreko ikasturtearen azken egunean, urdaiazpiko bat tokatu zitzaien taberna batean, eta uda osoa ondo gordeta izan dute, oporren bueltan jateko
Ez dakigu nongoa zen urdaiazpikoaren jatorria, baina seguru ez zela Andaluziatik urrun egongo. Zerbait barregarria prestatu nahi eta, "Apirileko azoka" bitxia ospatu zuten, urriaren hasieran, irabazitako pernila eta bestelako produktu gozo batzuk txokoan bertan prestatu eta gero.
Mantzanillarik ez zen egon, baina ez zen garagardoa eta ardorik falta. Jateko, ordea, denetarik egon zen: patata tortilla, odolostea, saltxitxak, otarrainxka opilak eta postrerako izozkia eta pastela. Horrek guztiak osatu zuen denon artean osatutako menua. Gainera, espero ez genuen laguntzailea izan genuen jo eta ke lanean. Ander txikia ibili zen zerbitzari lanetan, eta, egia esan, primeran moldatu zen jendeak eskatutakoa zerbitzatzen
Afaria amaitu eta batzuek etxerako bidea egin zuten. Beste batzuk, berriz, afaria bera bezain errotuta dagoen afalosteko mahai-jolasetan aritu ziren gauerdira arte. Bilboko jaietako Monopolia estrenatu zuten Asierren aginduetara eta oso ondo pasatzeaz gain, ziur zerbait ikasi zutela, jokoa irabazteko gure kulturarekin erlazionatutako hainbat probari egin behar izan baitzioten aurre.
Eta zu zer? Zeren zain zaude horrelako jende jatorra ezagutzeko?
Eman izena galdakao_berba@aek.eus e-postan eta berehala bilatuko dizugu zuretzako egokia den taldea
No comments:
Post a Comment