2020-02-11

ILUNTZAR MENDIAREN IGOERA





Argazkietan ikusten denez Hego Uribeko Berbalagun koadrila ederra elkartu ginen aurreko domekan Iluntzar mendia igotzeko asmoz. Hitzordua goizeko 9etan genuen basauriko udaletxe pareko markesinan, eta partaideak garaiz iritsi zirenez, lehenbailehen autoetan sartu eta Nabarniz herrirantz abiatu ginen.

Nabarniz, dakizuenez, Gernikatik gertu dagoen herri polita da; bertaraino 35 minutu inguruko bidaia izan genuen. Behin herrian, sarreran autoak utzi eta ikusi genuen lehen tabernan kafea hartu genuen. Amaitu ostean, tipi-tapa Merika auzorantz jo genuen, igoerari hasiera emateko.

Ibilbide zirkularra egitea hobetsi genuen, hortaz, igoera alde "pikutik" egin genuen, lokatzez lepo zegoen basoa zeharkatuz. Hasiera ez zen erraza izan, eta pare bat geldialdi egin genituen jendeak arnasa har zezan.
( hortxe Txarli basoan gora makil eta guzti!)

Basoan 40 minutuz egon ostean, larre handi batera iritsi ginen, eta bertatik ikuspegi izugarriak eduki genituen. Urdaibaiko biosfera, Ereñozar mendia, kostaldea, Ganekogorta, Gorbeia eta Urduñaldeko mendiak...begiek gozatu ederra hartu zuten, nahiz eta tontorreraino tartea geneukan egiteke.

Azken zatia eramangarriagoa izan zen, eta konturatu orduko gailurrean geunden. Autotik atera ginenetik ordu eta erdi eman genuen mendi-puntaraino iristeko. Tontorrean, betiko lez, pare bat fruta zati jan, argazkiak atera eta indarrak berreskuratu ondoren, ibilbidearen bigarren zatiari ekin genion, zirkularra baitzen eta igo ginen tokitik ez baikinen jaitsi.
( Postontzia, mendiaren datuekin)
(Ikurrina tontorrean; atzean itsasoa)

Jaitsierako bidean beste leku aipagarri batzuk ikusi genituen, ibilbideari edertasuna gehitu zizkiotenak: leize edo "sima" erdi estali bat, eta amaitzeko, pagadi ederra gurutzatu genuen, berriro ere Nabarnizera iritsi aurretik. Herrian, derrigorrezko garagardoa hartu genuen, eta autoak hartuta Basaurira itzuli ginen 14:30etarako.
(Leizearen sarrera sasiek hartuta)

(Gailurrera iristen. Behean Nabarniz)






No comments:

Post a Comment