2013-11-29

BENITO LERTXUNDI: "OROIMENAREN ORAINA"

Gaur Benito Lertxundiren kontzertua izango da Sozial Antzokian arratsaldeko 20:30ean. Aspaldi bukatu ziren sarrerak; beraz polito egongo da.

Harrigarria izaten da askotan, patuak duen indarra! Batzuetan, apartekoak diruditen bi historia, bi pertsona, gurutzatzen dira, zergatia zehazki jakin gabe, ezkutuan idatziriko historia batean loturik baleude bezala, bien artean, horrela, historia berri bat osatzen dutelarik. Oraingo historia honek bi protagonista ditu: Mireia Berenguer eta Benito Lertxundi. Mireia katalana da, Ripollet herrian jaioa, 29 urte ditu eta duela 9 bat Euskal Herriaz maitemindu eta han dena utzirik, honuntza abiatu zen. Hemen topatu zituen lehen erreferentzietakoak, nola ez, Mikel Laboa eta Benito Lertxundi izan ziren. Ez zihoan, bada, desbideratuta. Bere kezka, bere ardura, bere dedikazioa, bere bizitza azken batean, arazoak dituzten gazteen artean dago eta, hori dela eta, Hondarribiko Goikoerrota deritzan Errota zaharreko egoitzan arreta berezia behar duten gazteentzat batipat, natureskolaren proiektoaren garapenean buru-belarri dabil. Duela aste batzuk, eguzkia sortu aurretik, bapateko intuizio batek gidatu zuen Jaizubiako marismetako bidea hartzera eta hantxe, goizaldean, lehen printzeekin batera, laino artean topatu zuen enkoadreak harrapaturik, argazki bat atera zion, zertarako oso ondo jakin gabe. Argazkian dastatu daitekeen giro lasai bezain enigmatikoak barrutik harrapatzen gaitu eta barne munduan murgil gaitezen, gonbite dultzea, misteriotsua eta dotorea luzatzen digu. Egun horretan, bere lagun batek, argazkiaren magiaz oharturik, ETB-ko eguraldiaren tartera bidaltzea deliberatu zuen (EITB.com), gauean Benito Lertxundiren arreta bereganatuko zuela inondik ere susmatu gabe. Benito Lertxundi kantaria, bitartean, bere disko berriaren lehen urratsak ematen ari zen eta kantuen azken xehetasunak bukatzearekin batera, diskoa bera, hala nola horren komunikazioa ere bilduko zituen irudiaren bila zebilen. Argazkia telebistan ikusi zuenean, ez zuen zalantzarik izan. Huraxe zen bere lan berriaren mamia hoberen marrazten zuen irudia: misterio eutsia, edertasun goiztiarra, bakardade gozoa eta basatia. Mireiak, bitartean, bere proiektoan jarraituko du gogor (goikoerrotanaturguneanaturescola.blogspot), intuizioak eta patuak bere bihotzeko proiektoaren zortea bideratuko duten esperantzan.

2013-11-28

ABENDUKO AGENDA

Abenduaren 12an, aurreko agendak ez zekarren Gartxot filmaren emanaldia egongo da Pozokoetxe kultur etxean 19:00etan.

2013-11-21

ORREAGA IRITIZI TALDEAK GALDAKAON ANTOLATUTAKO HITZALDIAK


AZAROAK 21. 19:00ETAN Gandasegi eskolan

"XXI.mendeko Euskal Herria euskaldun! Eta horretan nik zer?"

AZAROAK 29. 20:00ETAN Andra Mari dantza taldearen lokalean

"Euskal matriarkalismoaren teoria"

AZAROAK 4. 18:30EAN Galdakaoko AEK euskaltegian

"Euskal kantua"

2013-11-20

GIRO POLITA BASAURIKO AURKEZPENAN!

Pasa den ostirakean aurkezpen festa polita izan genuen. Bertan Basauriko berbalagun egitasmoan parte hartzen duten hainbat eta hainbat kide elkartu ziren, urteetan zehar berbalagun izandakoak, baita aurten hasitakoak ere. Elkar ezagutzeko aukera polita izan zen, errepikatzeko modukoa!
Gure berbalagun bertsozalea den Aratzek bertso sorta polita prestatu zuen aurkezpentxoari hasiera emateko. Berbalagunek urte hauetan zer eskaini dion kontatu zigun bertsoetan. Baita bertan zer egiteko aukera dagoen...


 Jarraian bideotxo polita ikusi genuen, berbalagun zer den argi uzten duena. Argazki batzuk ikusteko aukera polita izan genuen gainera...




Jarraian talde ezberdinetan parte hartzen duten berbalagunak elkar ezagutzeko unea heldu zen, eta horretarako euskaldunoi horrenbeste gustatzen zaigun mokadutxoa izan genuen. Tripa beteta eta kopa eskuan askoz errezagoa baita harremanak egitea. 




Eta hori gutxi balitz, bukatzeko tabernak antolatutako kontzertutxoa ikusi ahal izan genuen. Ordu betez Josu Bergararen ahotsaz eta bere abestien hitzez disfrutatu genuen.

Benetan ondo pasatu genuen eta berriz ere elkartzeko irrikitan gaude. 

Ba, lasai ibili berbalagun maitiak!!! Gabonak gainean ditugu eta ziur Olentzerok danok elkartuko gaituela!

2013-11-14

GALDAKAOKO AURKEZPEN FESTA

Itzela, zoragarria, sekulakoa, primerakoa...atzoko aurkezpen festa hitz gutxitan, baina zehatz definitzeko, euskaltegietan erabili ohi diren sinonimo zerrenda luze horietakoa etorri zitzaigun gogora atzo bertaratu ginen asko eta askori. Jendetsua eta dibertigarria, beste ezeren gainetik.

Aspalditik egitasmoan parte hartzen duten berbalagun piloaz gain, herriko jende asko hurbildu zen aurreikusten zen festa giroak erakarrita. Taberna lepo, lagun gehienak zutik...seinale ona!

Barry Manley-k txapela kentzeko moduko ikuskizuna eskaini zigun: "Irish in Euskal Herria".
Bakarrizketalari hobeak egongo dira munduan, baina nekez aurkituko dugu gure egitasmoak zabaldu nahi duen mezua hobeto adierazten duenik. Jator, gogotsu eta zirikatzile. Eta, horrelakoetan, jendearen erantzuna ere parekoa izaten da.

Jaia amaitzeko, pintxoak eta edaria guztiontzako eta Barryren "Show-a" denon ahotan agur esan genion elkarri, ahaztea kostatuko zaigun arratsalde-gaua askotan errepikatuko den itxaropenez.