2018-10-23

EREÑOZAR ETA OMAKO BASOAN MENDIBUELTA

Egun ederra izan genuen Hego Uribeko mendi-taldeko kideok aurreko igandean, ikasturteari hasiera eman zion lehen irteeran.
Goizeko 10etan ekin genion bideari Ereño herritik, apurka-apurka, aldapa pikua baitzen! Igotzen joan ahala, Urdaibai inguruko ikuspegiez gozatu genuen, lanbroak uzten zigun heinean...guzti horrek kutsu miragarria eman zion ibilbideari. Gora iritsi ginenean (argazkian ikus daitekeen moduan), lanbroa ia erabat desagertua zen, eta bizkaiako mendi esanguratsuenak begiztatzeko aukera ederra oparitu zigun egunak: Gorbeia, Lekanda, Oiz, Anboto, Sollube...
Mokadutxua jan ostean, jaitsierari ekin genion Ereñorantz, bertan kotxeak hartu eta Santimamiñeko aparkalekura abiatu ginen. Autoa utzi ostean, Omako basorantz joan ginen ibilbide zirkularra eginez. Goitik ailegatu ginen, Ibarrolaren artelan berezia ikusi, eta beheko partetik itzuli ginen aparkalekura, ordu eta erdiko ibilaldia egin eta gero.
                                 (Hego Uribeko mendi-taldea Oman)
Bukatzeko, mendi-buelta guztiek merezi duten moduan, garagardo freskoa hartu genuen Leizika tabernan, goiz polit honi amaiera emateko!! Eta noski, hurrengo mendi irteera antolatu genuen, baita egun eta lekua erabaki ere:
azaroaren 11n, igandean, Tologorrira joango gara. Gurekin etorriko??
Praktikatu eta bizi!!

2018-10-08

SANTIMAMIÑE ETA OMAKO BASOTIK IBILALDIA

Ikasturteari hasiera polita baina lasaia emateko asmoz antolatu dugu irteera hau: lehenbizi Santimamiñe inguruko kobak ( Santimamiñe bera, Lezika...) ikusiko ditugu, eta 90 minutuko bisita gidatu baten bidez euskal kulturaren ikur adierazgarrienetakoa den leku miragarri honen sekretuak ezagutuko ditugu.
Ondoren, kobaren sarreratik bertatik ateratzen den bideari segituz, Omako baso margotura hurbilduko gara, eta Ibarrola artistaren obra "eko-modernoa"z gozatzeko aukera izango dugu.
Plan hoberik igande baterako? Zaila, ezta? Gurekin  etorri nahi baduzu eman izena lehenbailehen urriaren 15a baino lehen, lekuak mugatuak baitira!
Praktikatu eta bizi!!

2018-09-20

MATRIKULADIA ZABALIK HEGO URIBEN

Euskara praktikatu eta lagun berriak egin nahi badituzu, ez pentsa birritan eta eman izena Berbalagunen! Gurasoentzat, gazteentzat, kirolzaleentzat, parrandazaleentzat...eta gainera debalde!
Izena emateko jarri kontaktuan gurekin e-posta eta telefono bidez, edo etor zaitez Bolintxu eta Barandiaran euskaltegietara! Zuen zain gaude!
Praktikatu eta bizi!!

2018-09-13

GALDAKAOKO JAIETAKO TOPAKETA


Udako etenaren ostean, egunerakoari martxa hartu baino lehen motorrak berotzen hasteko asmatu genuen duela zazpi urte jaietako topaketa.

Horretarako eta ikasturte berrian izena eman duen jendeari ongi etorria emateko, jakina! Aurten ere aurpegi berri bat izan dugu Iturrondoko txosnagunean eta primeran egon gara, udako nondik-norakoak elkarri kontatzen.

Gainera, labetik atera berriak ziren kanpainako kartelak eskuetan hartu eta talde argazki koloretsu bezain polita atera dugu, berbalagunak ere kolore guztietakoak direla adierazteko.

Motorrak berotuta, urrian ikusiko dugu elkar!