2019-06-08

GURASOLAGUNAK ARRATSALDE PASA PEPETON



Hasiera batean, AEKn landu behar genuen atzoko tailerra, baina azkenean, zuhaitz artean eman genuen arratsalde osoa. Izan ere, aspaldi ez bezala, eguraldia lagun izan genuen (ez hotz, ez bero gehiegi), eta eskulanen ordez umeentzako jolasak antolatuta zeudenez, Pepetora joatea erabaki zuten amatxoek, umeen gozamenerako.





Kurtzeko plazatik Pepetora ez dago distantzia luzerik, baina umeak tartean daudenean, badakizue...Bidean aurkitutako edozein harri, lore, hosto analizatu behar gure txikiek. Kar, kar, kar! Eta umeen jakin-min hori asetzeko-edo, atzoko planean aurreikusita ez zegoen botanika ikastaro txikia eman zigun Maitek, ibilbidean bildutako urki, haritz, ereinotz, huntz eta bestelako hostoekin



Belar batzuek beheranzkoa sendatzeko balioa dutela ere ikasi genuen bidean. Eta umeek ere probetxuzko zerbait atera nahi izan zuten basotik, bai horixe!  Jolasean hasi baino lehen, batek marrubi bat ikusi zuen eta gehiagoren bila hasi ziren denak. Azkenean, eskukada ederra bildu zuten, Susanak eramandako askaria are goxoagoa izateko. 




Galdakaoko leku eder honek badu umeak liluratzen dituen beste altxor txiki bat: zaldiak eta poniak. "Ez bota harririk zaldiei. Azenarioak eta patatak jaten dituzte" dioen kartel pare bat dago hesian zintzilik. Bada, ondo prestatuta joan ziren txikiak, baina beteta eraman zuten azenario poltsa berehala amaitu zuten lagun berriek. Ze polita izan zen animaliak nola elikatzen zituzten ikustea!




Eta ze polita izan zen Susanak, Maider eta Noraren laguntzarekin, antolatu ziguten plana. Dantza eta jolas batzuk egin eta gero, ederki merezitako meriendarekin borobildu zuen eguna Gurasolagun talde jator honek.

2019-06-04

BASAURIKO GURASOLAGUN: MAGIA SAIOA

Basauriko Gurasolagun 6. saiorako, Urtxintxa eskolarekin elkarlanean, magia saioa antolatu dugu. Saioa ekainaren 10ean izango da, Bolintxu euskaltegian, arratsaldeko 17:30etatik aurrera, eta ordubeteko iraupena izango du gutxi gorabehera.

Urtxintxako eskolakoak arituak eta adituak dira halako saioak antolatzen, hortaz, ziur gaude arratsalde pasa dibertigarria egiteko aukera izango dutela hurbiltzen diren familiek, bereziki haurrek.

Beraz, ez egin planik egun horretarako eta anima zaitez euskararekin eta magiarekin gozatzera!! Gainera, beti bezala, debalde izango da!!

Praktikatu eta bizi!!

2019-06-03

MOZOILO EGUNEAN AEK-KO IKASLEEKIN BATERA

Ostiralean elkartu ginen Usansoloko Gurasolagunak eta larunbatean izan zen Galdakaokoen txanda, zenbait berbalagun eta AEK-ko ikasleekin batera. Elkartzeko aitzakia, euskal nortasuna aldarrikatzeko Galdakaon urtero ospatzen eta antolatzen dugun Mozoilo eguna. Eta jakina, Euskaraldia eta Korrikan bezala, euskararen aldeko mezua zabaldu behar den guztietan geu ere hor egongo gara!


Egitaraua oso zabala izan zen, eta adina ez zen oztopoa izan ondo pasatzeko, jolasak, triki-poteoa, berbena eta bestelako ekintzak egon zirelako antolatuta. Baina umeak izan ziren,zalantzarik gabe, gehien gozatu zutenak. Izan ere, 35 graduko bero itogarriari aurre egiteko ez dago iturria, ur-pistola batzuk eta puxikak baino konbinazio hoberik


Bazkaria goxo-goxoa eta bazkalosteko berbena ere kategorikoa. Zer gehiago eskatu behar genion egunari? Datorren urteko hitzordua jarrita dago, baina bien bitartean, umeentzako tailerrak antolatzen jarraituko dugu, noski. Hurrengoa ostiral honetan bertan, hilak 7, 17:30ean, AEK euskaltegian. Atsegin baduzu, bertan ikusiko dugu elkar ;)

2019-06-01

USANSOLOKO GURASOLAGUNAK ETA URTXINTXA ESKOLA

Martxoaren 22an elkartu ginen lehenengoz, eta ederto pasatu genuen arren, harrezkero ez ginen geratu. Tartean, Korrika, Aste Santuko oporrak eta data bat adosteko zailtasuna. Tira, bada, atzo egin genuen bigarren tailerra, eta esan daiteke itxaronaldia merezi izan duela, gure Usansoloko txikiak primeran ibili ziren-eta Urtxintxa eskolatik etorritako Irantzuren gidaritzapean.



Saioa bi tailerretan banatu zen.
Plastilina polimerikaz egindako figurak egiten eman genuen lehen zatia. Kolore guztietako plastilina egonda, edozer egin zitekeen, eta umeek zein helduek irudimen handia dutela erakutsi zuten, beste behin ere. Irantzuk bi eredu ekarri zituen, baina mota guztietako eskulanak ikusi genituen: elefantea, marigorringoa, txerria, dordoka, marrubia, dado bat, pultserak...Artista hutsak!



Forma hartutako plastilina lehorgailu batekin gogortzen utzi eta bigarren tailerrari ekin genion, denborarik galdu gabe. Txotxongilo artean aritu ginen bigarren zatian, eta atzo ere konprobatu genuen material sinplea eta irudimena nahikoak direla eskulan ederrak sortzeko. Zeinen panpina politak egin zituzten poltsa marroi txiki bat eta koloretako kartulina puska batekin!




Asko eman zuen atzoko saioak eta ziur ideia bikainak hartu dituztela gurasoek hurrengo tailerrak eurek gidatzeko. Laster ikusiko dugu elkar!

EKAINEKO AGENDA