Hasiera batean, AEKn landu behar genuen atzoko tailerra, baina azkenean, zuhaitz artean eman genuen arratsalde osoa. Izan ere, aspaldi ez bezala, eguraldia lagun izan genuen (ez hotz, ez bero gehiegi), eta eskulanen ordez umeentzako jolasak antolatuta zeudenez, Pepetora joatea erabaki zuten amatxoek, umeen gozamenerako.
Kurtzeko plazatik Pepetora ez dago distantzia luzerik, baina umeak tartean daudenean, badakizue...Bidean aurkitutako edozein harri, lore, hosto analizatu behar gure txikiek. Kar, kar, kar! Eta umeen jakin-min hori asetzeko-edo, atzoko planean aurreikusita ez zegoen botanika ikastaro txikia eman zigun Maitek, ibilbidean bildutako urki, haritz, ereinotz, huntz eta bestelako hostoekin
Belar batzuek beheranzkoa sendatzeko balioa dutela ere ikasi genuen bidean. Eta umeek ere probetxuzko zerbait atera nahi izan zuten basotik, bai horixe! Jolasean hasi baino lehen, batek marrubi bat ikusi zuen eta gehiagoren bila hasi ziren denak. Azkenean, eskukada ederra bildu zuten, Susanak eramandako askaria are goxoagoa izateko.
Galdakaoko leku eder honek badu umeak liluratzen dituen beste altxor txiki bat: zaldiak eta poniak. "Ez bota harririk zaldiei. Azenarioak eta patatak jaten dituzte" dioen kartel pare bat dago hesian zintzilik. Bada, ondo prestatuta joan ziren txikiak, baina beteta eraman zuten azenario poltsa berehala amaitu zuten lagun berriek. Ze polita izan zen animaliak nola elikatzen zituzten ikustea!
Eta ze polita izan zen Susanak, Maider eta Noraren laguntzarekin, antolatu ziguten plana. Dantza eta jolas batzuk egin eta gero, ederki merezitako meriendarekin borobildu zuen eguna Gurasolagun talde jator honek.
No comments:
Post a Comment