2020-02-19

BASAURIKO GURASOLAGUNAK SUMENDI MAGIKOAK EGITEN

Ederki pasatu zuten Ikasturteko bigarren Gurasolagun tailerrera hurbildu ziren 4 familiek, egin genituen sumendi magikoekin! Benetan ideia ona izan zen, eta batez ere umeak txundituta geratu ziren.

Efektu ikusgarria lortu bagenuen ere, egiteko oso erraza den kontua da. Erabili beharrekoak hauexek dira:
1- pote gardenak (guk bina erabili genuen; katxi batek ere balio du)
2- olioa ( pare bat botila, badaezpada)
3- elikagaiekin erabiltzeko koloratzaileak (edozein supermerkatutan salgai)
4- pilula eferbeszenteak (aspirina edo halakoak)

Prozesua ere oso sinplea da: pote gardena hartu eta potearen 1/4 urez bete zuten. Gero, nahi zuten koloratzailea nahastu zuten urarekin ( batzuek bizpahiru nahastu zituzten, kolore deigarriak lortuz). Ondo irabiatu behar da produktua uretan disolbatzeko.
Ondoren, olioa gehitu zioten poteari; botatako uraren bikoitza gutxi gorabehera. Komeni da poliki-poliki isurtzea, burbuilarik sor ez dadin.
Eta bukatzeko, pilula eferbeszentea potera bota eta...buala!!! Sekulako erreakzio kimiko baten ondorioz sumendia borborka hasi zen!! Erreakzio handiago lortzeko, batzuek 2 pilula bota zuten potera.

Asko gustatu zitzaienez, bigarren potearekin jolastea erabaki zuten. Oraingoan kolore desberdinak aukeratu zituzten, eta denek bota zioten 2 pilula poteari. Efektua ikusgarriagoa izan zedin, gelako argiak itzali, telefonoaren linterna piztu eta poteen azpian jarri zituzten,  sumendi "argiztatuak" sortuz! Umeen txunditu aurpegiek denok alaitu gintuzten!

Hurrengo tailerrean "slime" edo "gorila-mukua" egitea erabaki dute gure partaide animatuek; animatuko zara gurekin? Ez izan zalantzarik, ederki pasatu baituzue!!



PRAKTIKATU ETA BIZI!

2020-02-16

GALDAKAOKO GURASOLAGUNAK ASKARI OSASUNGARRIA PRESTATZEN


Mota guztietako tailerrak antolatu ditu orain arte Galdakaoko Gurasolagun taldeak. Aurten, etxeko "huesitoak" egiten eman zioten hasiera 2019-20 kurtsoari, eta aste honetan ere janaria izan dute protagonista nagusia, baina oraingo honetan, medikuek hainbeste gomendatzen diguten frutarekin jolasean aritu dira gurasolaguneko familiak. Marrubiak, kiwiak, platanoak, laranjak eta anana brotxetak egin dituzte.Uummmm!!!!!


Egunero bost fruta ale jan behar ditugula esaten dute adituek, eta halaxe egin zuten gure txikiek, arratsaldeak zekarren lanari behar adinako indarrarekin heltzeko.
Tailerrak beste batzuetan baino denbora gutxiago eskatuko ziela ikusita, gauza gehiago eraman dute gurasoek. Hasteko, kantuan aritzeko jolasak, bozgorailu eta guzti. Ondoren, umeek eta gurasoek, denek batera jolasteko karta-joko dibertigarria.




Baina, ikastaroak ikastaro, Urretako oholtza da umeak liluratuta dauzkana. Aurreko hilabetean bezala, lanak amaitu eta aktore onenen pare aritu ziren guztiak. Aurreko astean ospatutako Oscar sarien galak sartuko zien antzerkirako harra? Baita zera ere! Gurasolagun txikiek berezkoa dute zaletasun hori. Ea egunen baten ikusten ditugun Torrezabal Kultur Etxeko oholtza gainean!






Txalo bero bat Susana eta Maiderri, tailerra antolatu zuten artista pareari!

2020-02-11

ILUNTZAR MENDIAREN IGOERA





Argazkietan ikusten denez Hego Uribeko Berbalagun koadrila ederra elkartu ginen aurreko domekan Iluntzar mendia igotzeko asmoz. Hitzordua goizeko 9etan genuen basauriko udaletxe pareko markesinan, eta partaideak garaiz iritsi zirenez, lehenbailehen autoetan sartu eta Nabarniz herrirantz abiatu ginen.

Nabarniz, dakizuenez, Gernikatik gertu dagoen herri polita da; bertaraino 35 minutu inguruko bidaia izan genuen. Behin herrian, sarreran autoak utzi eta ikusi genuen lehen tabernan kafea hartu genuen. Amaitu ostean, tipi-tapa Merika auzorantz jo genuen, igoerari hasiera emateko.

Ibilbide zirkularra egitea hobetsi genuen, hortaz, igoera alde "pikutik" egin genuen, lokatzez lepo zegoen basoa zeharkatuz. Hasiera ez zen erraza izan, eta pare bat geldialdi egin genituen jendeak arnasa har zezan.
( hortxe Txarli basoan gora makil eta guzti!)

Basoan 40 minutuz egon ostean, larre handi batera iritsi ginen, eta bertatik ikuspegi izugarriak eduki genituen. Urdaibaiko biosfera, Ereñozar mendia, kostaldea, Ganekogorta, Gorbeia eta Urduñaldeko mendiak...begiek gozatu ederra hartu zuten, nahiz eta tontorreraino tartea geneukan egiteke.

Azken zatia eramangarriagoa izan zen, eta konturatu orduko gailurrean geunden. Autotik atera ginenetik ordu eta erdi eman genuen mendi-puntaraino iristeko. Tontorrean, betiko lez, pare bat fruta zati jan, argazkiak atera eta indarrak berreskuratu ondoren, ibilbidearen bigarren zatiari ekin genion, zirkularra baitzen eta igo ginen tokitik ez baikinen jaitsi.
( Postontzia, mendiaren datuekin)
(Ikurrina tontorrean; atzean itsasoa)

Jaitsierako bidean beste leku aipagarri batzuk ikusi genituen, ibilbideari edertasuna gehitu zizkiotenak: leize edo "sima" erdi estali bat, eta amaitzeko, pagadi ederra gurutzatu genuen, berriro ere Nabarnizera iritsi aurretik. Herrian, derrigorrezko garagardoa hartu genuen, eta autoak hartuta Basaurira itzuli ginen 14:30etarako.
(Leizearen sarrera sasiek hartuta)

(Gailurrera iristen. Behean Nabarniz)






2020-01-31

ILUNTZAR MENDIA NABARNIZETIK

2020ari hasiera emateko, Hego Uribeko Berbalagun mendizaleok Iluntzar mendia igoko dugun otsailaren 9an, igandean. Hitzordua Basauriko udaletxe aurreko markesinan izango da, goizeko 9etan. Bertatik autoz joango gara Nabarnizeraino, eta 2-3 orduko ibilbidearen ostean, bide zirkularra eginez, Iluntzarren tontorra zapaldu eta kotxera itzuliko gara.
Mendi erraza da, ez dauka inongo zailtasun teknikorik, ibilbidea laburra da, eta gainera, gailurretik itzelezko ikuspegiak izango ditugu! Beraz, edozein etorri daiteke gurekin: zahar/gazte, umedun familiak, mendian ohitura handirik ez dutenak... Animatuko?? Goiz pasa ederra eta euskaraz mintzatzeko aukera paregabea izango da!!
Izena emateko, otsailaren 7a baino lehen idatzi watsappa 645 715 621 telefonora.
PRAKTIKATU ETA BIZI!

TUPPER SEX BASAURIN

2020 urteari hasiera emateko, Hego Uribeko Berbalagunok lehen ekintza osagarria antolatu genuen: hitzaldi afektibo-sexuala edota tupper sex-a!
Esan behar da partaideek eskatutako ekintza zela, eta horrez gain, euskaltegietako ikasle asko ere hurbildu zela hitzaldira; horrek guztiak 50 lagun baino gehiago elkartzea ahalbidetu zuen!
Hitzaldia urtarrilaren 23an izan zen, ostegunez, Basauriko Pozokoetxe kultur-etxean, arratsaldeko 18etan. Iritsi ginenerako Ane bertan zegoen, hitzaldia emango zuen sexologo alai eta naturala, bera jostailu eta guzti! (goiko argazkian ikus daitekeenez).
Aulkiekin borobil handi bat egin genuen, partaideok aurpegiak elkar ikus genitzan, eta azalpenak ematen hasi zen, baita jostailu eta gelak aurkezten ere. Harrituta geratu ginen merkatuan dagoen "produktu" kantitatearekin, eta Aneren azalpen zehatzek erabilera ulertzen lagundu ziguten, betiere aholku eta gomendioez lagunduta.
Hitzaldiak ordu eta erdi iraun zuen, eta partaideek lotsa galdu ahala, galderak eta zalantzak jaurti zizkioten sexologoari, berak naturaltasun osoz argitu zituenak. Eskertzekoa izan zen bere jarrera, heziketa sexualari buruz naturaltasun osoz hitz egiteaz gain, jendea eroso sentiarazi baitzuen. Gainera, gauza berri asko ikasi genituen sexuari, gure gorputzari...buruz, eta dena konfiantzazko giro batean!!
Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu Alborabide elkarteari, euren bitartez antolatu baikenuen hitzaldia; eta nola ez, Ane gure sexologo alaiari, hitzaldi hain erakargarri eta entretenigarria egiteagatik!!
PRAKTIKATU ETA BIZI!