2018-05-07

GALDAKAOKO GURASOLAGUN. PINTZA TAILERRA


Zeinen ondo pasa daiteken arropa eskegitzeko pintza bat eta kartulina zati bat bezalako osagai sinpleekin! Horixe egin zuten Galdakaoko Gurasolagun taldekoek, ikasturtean antolatutako bigarren ekintzan.
Hipopotamoak, krokodiloak, marrazoak, arrautzatik ateratako txita...Denetarik egin zuten gure ume eta guraso trebeek.




Aurreko ekintzan sei familiak hartu zuten parte, eta oraingo honetan guztiek errepikatu ezin izan duten arren, jende gehiago batu zaigu Urretan antolatu dugun saiora. Animatu diren hiru familiei ongi etorria egiteko, elkar ezagutzeko jolasa antolatu genuen lanean hasi baino lehen. Eta umeen aurpegiak ikusita, tailerrean bezain ondo aritu zirela ematen du. Bai amaraun polita!




Aurkezpenak eginda, marrazkiei forma emateari ekin zioten txikiek zein helduek. Gustura ibili ziren animaliak marrazten eta koloreztatzen; eta aita amek ere gogotik egin zuten lan, txikientzat korapilatsuegiak ziren ataletan laguntzen. Horri esaten zaio primerako lan-banaketa, bai horixe!








Zoologiko bitxia osatu genuen azkenean, hainbeste animaliaren artean. Emaitza, beste behin ere, ezin hobea. Lagun berriak egiteaz gain, euskaraz primeran pasatzeko gauza handiren beharrik ez dagoela erakutsi baikenuen. Zer gehiago eska daiteke? Bada, hurrengoan lagun gehiago batzea pausuz pausu bere bidea egiten ari den proiektu polit honi.






Hurrengo hitzordua, ikasturteko azkena, ekaineko ostiral batean izango dugu. Data oraindik ez dugu zehaztu, baina ikusitakoa gustatu bazaizu, adi egon, laster jakinaraziko baitugu zer, non eta noiz antolatuko dugun hurrengoa.
 








No comments:

Post a Comment