2018-05-14

BURDIN-HESIA EZAGUTZEN GALDAKAO GOGORAREKIN

Larunbatean, hitzordu bikoitza izan genuen mendilaguneko zeinbait kidek: mendiarekin ohikoa duguna eta baita gure herriko historiarekin ere.
Galdakao Gogora elkarteak burdin-hesia erakusteko antolatuta zeukan irteeran parte hartu genuen, eta ezin hobeto hartu gintuztela aipatu behar dugu. Beraz, ezer baino lehen, eskerrik asko elkarteko guztioi




Irteerak oztopo bi izan zituen: eguneroko kontua bihurtzen ari den euria eta HABE azterketaren idazmen proba. Hala ere, eskualdeko 7 berbalagun animatu ziren, historia bertatik bertara ikusteak daukan balio erantsiak erakarrita. Ikusitakoak, ordea, indarra galtzen du, gai horretan jantzita dagoen batek azalpenak eman ezean. Eta lan horretan, batez ere, Tomi aritu zen lehen momentutik, elkarteko beste kideek lagunduta.




Ibilbidearen zailtasuna ez zen batere handia, eta horrek mendian ibiltzeko ohiturarik ez dutenen alde jokatu zuen. Gainera, ibilbide osoa lubakiz eta gerra garaiko bestelako aztarnaz josita dagoenez, atseden hartzeko tarte ugari izan genituen, elkarteko kideen azalpenak entzuten genituen bitartean. Hona hemen Tomi, metrailadore-habi baten gainean azalpenak ematen, jendea adi-adi entzuten ari dela


Bidea txukun-txukun utzi zuten bezperan garbiketa-brigadakoek, urtero egin ohi duten bezala, eta lan hori ere eskertzekoa da, bestela, sasiz beteta egongo ziren bazter guztiak. Eta irteeraren azken zatian heldu ginen sasi bat bera ere ez duen Udalak berreraikitako lubaki eder honetara.
1936ko lubakien aztarnak eta zerotik berreraikitakoa ibilbide berean, zein baino zein ikusgarriago !


XV.mendeko errege-bide batetik egin genuen etxerako buelta, Aretxondo jatetxeraino. Handik, Errekalderako bidea hartu eta 12:00etan heldu ginen udaletxeko plazara. Ibilbideari amaiera eman genion, baina ez egunari, Gandasegin, emakumeek gerran izan zuten garrantziari buruzko erakusketa ikusi genuen eta. Kartelak, argazkiak, dokumentuak...Den-dena duzue mimoz jarrita ikusgai, maiatzaren 14tik-18ra, 18:30-20:30 bitartean, Gandasegin



Bestalde, hilaren 15ean, "Galdakaoko emakumeen bizipenak" ikus-entzunezkoaren emanaldia eta solasaldia egongo da, 19:30ean, Gandasegin.

Eta 17an, Monica Calvo antropologoaren hitzaldia, Bilboko Orue txaletari buruz(emakumezkoen kartzela), leku eta ordu berean.


Burdin-hesia ezagutzeko gogoz geratu zaretenok adi, maiatzaren 19an, Bekea-Bekelarreko zatia erakutsiko digute eta. 9:00etan, Kurtzeko plazatik hasita

No comments:

Post a Comment