2019-02-15

MAKARROIEKIN LEPOKO ETA PULTSERAK EGITEN

Uste genuena baino zailagoa izan zen Basaurin ospatu genuen Gurasolagunen 4.saioko egitekoa: pultserak eta lepokoak makarroi forma desberdinekin egin genituen.
Hasteko, makarroiak atzazalak margotzeko pinturekin eta "carioca" margoekin koloreztatu genituen; ez zen 5 minutuko lana izan!! Pinturak lehortu ostean, "loctite" eta kola zuriarekin makarroiak itsatsi genituen, bakoitzak nahi zion itxura emanez. Lan hori are nekezagoa izan zen, makarroiak ez baitziren ondo itsasten! Halere, pazientzia eta umorea lagun, azkenerako lortu genuen.
Ondoren, haria edo soka makarroietatik pasatzen hasi ginen, poliki-poliki, aurretik emandako forma apurtu ez zedin. Behin makarroi guztiak pasata, soka lotu genuen (korapiloz, kolaz...) eta apaingarriak jarri genizkien lepokoei: margoekin azken ukituak, lazoak jarri, korapilo koloretsuak...
Goiko argazkian ikusi daitekeenez, trebeenek lepokoa eta pultsera egiteko astia izan zuten, beste batzuek, ordea, bata edo beste soilik. Alabaina, partaide guztiak pozik atera ziren, bertan eman genuen ordu eta erdian ederki pasatu baitzuten. Gainera, hurrengo egunean eskolara eraman zituzten egindako "arte lanak", harro-harro!
Argazki gehiago:

Hurrengo saioa otsailaren 25ean egingo dugu Bolintxu euskaltegian, betiko orduan: arratsaldeko 17:30etatik aurrera!! Hurrengo saioan errotuladore eta margoak gordetzeko zizare-potea egingo dugu, komuneko papereko kartoia oinarritzat hartuta!! Animatuko??
Praktikatu eta bizi!



No comments:

Post a Comment